Sarrera

EAEko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 dekretuan oinarrituta, Euskararen Udal Patronatuak "Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana Donostiako Udalean - 4. plangintza aldia 2008-2012" dokumentua prestatu du bere onespenerako.

Tokiko gobernuak modernizatzeko neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 legearen arabera, plan hori onesteko eskumena Tokiko Gobernu Batzarrarena da.

Eta beraz, Tokiko Gobernu Batzarrari Donostiako Udalaren plana onartzea dagokio eta, udal erakunde autonomiadunen kasuan, erakunde bakoitzeko gobernu organoa da organo eskuduna erabaki hau hartzeko. Ondoren, organo hauek hartutako erabakia Udal Batzarrak berretsi beharko du, lanpostu zerrendan aldaketarik gertatuko balitz, planaren onarpenaren ondorioz.

Laugarren plangintza aldirako Euskararen Udal Patronatuak erakunde autonomiadun guztientzat egingo duen proposamena Udalerako planteatu duen modu berean egingo du. Erakunde autonomiadunek ere, apirilaren 15eko 86/1997 dekretuan xedatutakoa kontuan hartuz, euskara, gaztelania bezala, zerbitzu hizkuntza izango dela bermatu beharko dute erakunde osoan; ekintza-eremu desberdinetan hizkuntza irizpideak aplikatu beharko dituzte eta euskara lan eta harremanetako hizkuntza izateko neurriak hartu beharko dituzte.

Erakunde Autonomiadunetarako proposatuko den dokumentua, Udalekoaren egitura, irizpide eta lehentasun berberak kontuan izanik egingo da.

Bestalde, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei dagokienez, apirilaren 15eko 86/1997 dekretuak hizkuntza normalkuntzarako neurriak hartzeko beharra aurreikusten du. Honela, aipatu dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian jasotzen denaren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, behartuta daude bi hizkuntza ofizialak zerbitzu hizkuntza modura bermatzera eta, ondorioz, helburu hori lortzeko dokumentu honetan jasotzen diren jarraibideak betetzera.

Horrez gain, 123/2008 Dekretuak, uztailaren 1ekoak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzkoak, eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua (2003-12-23) garatzen duenak, bere 38. artikuluan, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak kontsumitzaile eta erabiltzaileekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak agertzea bermatuko dutela xedatu eta nola egingo den zehazten du.