Euskal Autonomi Erkidegoko herri- administrazioetan euskararen erabilera sustatzeko politikak 1982ko azaroaren 24ko 10/82 Oinarrizko Legean, euskararen erabilpena arauzkotzekoan dauka bere hastapeneko erreferentzia
Herri-aginteei gagozkielarik, lege horretan xedatzen da herritar guztiek dutela eskubidea herri-administrazioarekin nahi duten hizkuntza ofizialean harremanak izateko. Ondorioz, herri- aginteen betebeharra xedatzen du, eskubide hori muga edo trabarik gabe betetzen dela ziurtatua izan dadin.
Era berean, 1989ko uztailaren 6ko 6/89 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, euskal herri-administrazioetako lanpostuen zerrendetan jaso behar diren baldintzak eta betebeharrak xedatzen ditu, euskaraz jakin beharreko lanpostuei buruz.
Aipatu ditugun lege horietan xedatutakoaren arauz, 1997ko apirilaren 15eko 86/97 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko herri- administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak, araubidezko marko orokorra ezartzen du, euskal herri-administrazioek euskararen erabileraren normalkuntzaren eremuan egin beharreko lanari buruz. Lan horretan bete behar diren gutxieneko baldintzak, plangintza aldiak eta epeak arautzeaz gain, dekretuak bost urtealdirako planak egitea aurreikusten du Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri- administrazioetan, plan horietan jaso behar baitira, aldi bakoitzerako, dekretuak xedatzen dituen esparru guztietan aurreikusitako neurri guztiak.
Aurreikuspen horien artean, hizkuntza normalkuntza prozesua abiarazteko oinarrizko tresnatzat jotzen ditu aipatutako dekretuko 4. artikuluak euskararen erabilera normalizatzeko planak. Zehazki, 18. artikuluak dio entitate bakoitzak 17. artikuluan ezarritako normalizazio helburuak betetzeko erabiliko duen hizkuntza politika, bere nondik norakoak eta jarraibide nagusiak agertuko direla euskararen erabilera planetan.
2003ko abenduaren 23an onetsitako Kontsumitzaile eta erabiltzaileen Estatutuak eta 2008ko uztailaren 1eko Dekretuak, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzkoak, kontsumitzaile eta erabiltzaileei ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko eskubidea aitortzen die. Ondorioz, erakunde publikoek kontsumitzaile eta erabiltzaileekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak agertzea bermatuko dute.
Donostiako Udalak, euskararen normalizazioari dagokionean, aurrean azaldutakoaren ildotik, hainbat erabaki eta neurri hartu ditu eta horiek ondoko arautegietan jasotzen dira.
2.1.- Donostiako Udalean eta Udalerrian euskararen erabilpena normalizatzeko Arauak onetsi zituen Donostiako Udalak 1991ko maiatzaren 9an.
Lehen plangintza aldia arautzeko oinarri izan zen Arautegi honetan Euskararen erabilpenaren normalizazioari buruzko udal- ekintza arautzeko oinarriak ezarri ziren, administrazioaren barne erabilerari, herritarrekiko harremanei eta udalerriaren gizarte bizitzari dagokienean.
Honako helburu hauek jasotzen zituen: Euskara eta gaztelania Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-administrazioetako hizkuntza ofizialak direnez gero, herritarrek bertako edozein herri-administraziorekin dituzten harremanetan hizkuntza eskubideak ezarian bermatzeko beharrezko neurriak hartuko dira; hori dela eta, hizkuntza prestakuntza izango da lehen plangintza aldian gehien landuko den alorra.
2.2.- Bigarren plangintza aldia arautzen duen xedapenak, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak, elementu berriak erantsi zizkien lehen plangintza aldia araupetzen zuten arauei. Horiek kontuan hartuz, 2000-07-18 data duen Donostiako Udalean 2. plangintzaldirako (1997- 2002) Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onetsi zen eta honako helburu hauek jaso ziren bertan:
Euskara, zerbitzu hizkuntza herritarrekiko harremanetan; euskara, harremanetarako hizkuntza beste administrazio batzuekin eta euskara, administrazio barruko lan hizkuntza. Hauei beste bi helburu gehitu zitzaizkien, Donostiako Udal-administrazioaren ekintza eremu desberdinetan hizkuntza irizpideak erabiltzea eta kargu politikoen inplikazioa lortzea.
2.3.- Herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua oinarri hartuz eta aurrekoei jarraipena emanaz, 2005eko azaroaren 18an Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana Donostiako Udalean, hirugarren. Plangintza aldia (2003- 2007) onetsi zuen. Plan honek bigarren plangintza aldiaren hizkuntza helburu berberak zituen.
2.4.- 2001eko apirilaren 23an Euskararen Udal Patronatuaren Gobernu Kontseiluak Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra planari behin betiko onespena eman zion. Plan honen arabera, benetako elebitasuna lortzeak zera ekarri behar du: "euskararen berreskurapen osoa Donostian, udal eskuduntzetan arituz euskararen normalkuntza prozesuan esku hartzen duten gainerako erakundeekin koordinazioan eta lankidetzan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin bereziki"
Laugarren plangintza aldiaren indarraldiak Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorraren 2. Plan markoarekin egiten du bat.
2.5.- Oraingo honetan ere, 86/1997 Dekretua oinarri hartuz eta aurreko planei jarraipena emanaz, 2008 urtean Euskararen Udal Patronatuak Donostiako Udalean 4. Plangintza aldirako (2008-2012) Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana prestatu du.
Laugarren Plangintza aldian indarrean egongo den Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana txosten honetan garatzen da.