III.- Laugarren plangintza aldiaren jarraibideak

1.-Hizkuntza ofizialen erabilerarako jarraibideak

Donostiako Udalean, azken urteotan langileak euskalduntzen egin diren ahaleginen ondorioz, langile ugarik dute euskaraz lan egiteko gaitasuna; dena dela, oraindik ere hainbat tokitan, urte luzeetako inertziaren indarrez, gaztelaniaz jarraitzen da lanean. Eta garbi dago, Administrazioa benetan elebiduna izango bada, gure bi hizkuntza ofizialak orekaz eta berdintasunez erabili behar ditugula.

Erabilera baita edozein hizkuntzaren etorkizunaren giltzarria: erabileran datza gakoa eta erronka. Izan ere, formalki aitormen bera duten euskara eta gaztelania egiazki maila berean jartzea baita helburua; euskara ere Administrazioan gaztelaniaren maila berera eramateko urrats eraginkorrak ematea da daukagun egitekoa. Kontua, beraz, ezagupenetik erabilerarako jauzia pixkanaka egiten joatea da.

2008ko urtarrilaren 1ean abiatu da IV. Plangintza aldia, eta 86/1997 Dekretuak 19.1 artikuluan aurreikusten duenaren arabera, herri-administrazioek euskararen erabilera normalizatzeko planak onartuko dituzte plangintza aldiaren lehenengo urtean, edo aurreko planen egokitzapenak. Bada, lan horretarako ezinbesteko gidari izango dira Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Jarraibideak, planaren helmuga eta pausoak zedarrituko baitituzte; izan ere, Donostiako Udalak bi hizkuntza ofizialetan jardun dezan, behar-beharrezkoa da langile, atal eta zuzendaritza bakoitzak jakitea zein egoeratan erabili behar dituen bi hizkuntza ofizialak, alegia, noiz eta zer egin behar duen euskaraz.

Horrenbestez, hemen jasotakoak hizkuntza ofizialen erabilera arautzera datoz. Araubide orokorra da prozesuaren helmuga markatzen duena, Donostiako Udaleko zuzendaritza guztientzako hizkuntza jarraibideak finkatu nahi dituena. Irizpide orokor horiek zehazteko, ordea, zuzendaritzetako erabilera-planak daude; hor zehatz-mehatz deskribatzen dira araubide honetan modu orokorrean ezarritakoak. Erabilera-plan horietan gauzatzen eta gorpuzten dira, hortaz, araubide honetako irizpide nagusiak.

Ondoren, datozen orrialdeetan ematen diren jarraibideen egitura zerrendatzen da:

I. Kapitulua. Hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko jarraibide orokorrak

1. artikulua.- Eragin-eremua

Donostiako Udaleko zuzendaritza guztiek bete behar dituzte arau hauek.

Arauok Donostiako Udalaren harreman ofizial eta protokolozkoak dituzte helburu, hau da, udal langileek eta udalaren ordezkariek beren laneko zereginetan dituzten harreman guztiak.

2. artikulua.- Zerbitzu-hizkuntzak, harreman-hizkuntzak, lan-hizkuntzak

Euskara eta gaztelania zerbitzu-hizkuntza dira herritarrekin, harremanetako hizkuntzak beste administrazio batzuekin, eta barruko lan-hizkuntzak Donostiako Udalean.

Hori betetze aldera, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukaten Donostiako Udaleko langileei bi hizkuntza ofizialetan jarduteko gaitasuna aitortzen zaie; hortaz, hizkuntza batean zein bestean erantzungo diote lanari, kasu bakoitzean, lan-beharkizunen arabera.

3. artikulua.-Administrazioa hizkuntza normalkuntzan eredu

Gaztelania eta euskara Donostiako Udaleko hizkuntza ofizialak izan arren, eta ofizialtasuna egiazkoa eta eraginkorra bilakatzeko bidean urratsak eman diren arren, begi bistakoa da lehenengoaren nagusitasuna Administrazioaren gaurko komunikazioetan. Egoera hori orekatu nahian, Donostiako Udalak berebiziko ahalegina egin du langileak gaitzeko, eta ahaleginak egin ditu eta egin beharko ditu euskararen erabilera Administrazioan sustatzeko, beti ere zuzendaritzetako erabilera-planetan adostutakoa kontuan harturik.

4. artikulua.- Kalitatezko komunikazioak

Kalitatezko komunikazio idatzia sustatu nahi da Administrazioan; hau da, testu zuzenak, naturalak, egokiak eta argiak.

Helburua komunikatzea da: hartzaileak lehen entzunaldi edo irakurraldian ulertu behar du esaten zaiona. Testuak egokia izan behar du komunikazioaren ikuspegitik.

Testuak egitura logikoa izango du, eta egitura hori agerian geratuko da era honetako estrategiak baliatuta: izenburuak eta azpi-izenburuak, ideiak paragrafoka, lege-aipamenak oin-ohar modura’ĶTestuak zuzena izan behar du eta idazkiaren diseinua zaindu egin behar du irakurgarritasuna bermatzeko.

5. artikulua.-Komunikazio elebidunetan euskara lehenesteko neurriak

Donostiako Udalak sortutako komunikazioetan, beharrezko neurriak hartuko dira euskara nabarmentzeko. Horretarako badira, gutxienez, bi bide nagusi:

Kokapena: hitzak direnean, euskara aurrean edo gainean; zutabeak direnean, ezkerrekoa euskararentzat; eta bi orrialde direnean, eskuinaldekoa euskararentzat.

Tipografia: normalizatuak ez diren idatzietan letraren neurria eta mota erabil daitezke euskara nabarmentzeko. Idatzi normalizatuetan, tipografia berean letra lodia erabiliz nabarmendu ahal izango dira euskarazko testuak.

6. artikulua.- Donostiako Udalaren harreman komunikatiboak

Donostiako Udalak hiru harreman mota ditu ardatz bere eguneroko zereginak betetzean: herritarrak, beste administrazioak eta Donostiako Udal barrukoa (zuzendaritzen artekoa edota, zuzendaritzaren barruan, atalen artekoa). Harreman horiek, oro har, bi eratara gauzatzen dira: ahoz eta idatziz.

Edozein kasutan ere, arreta berezia jarri behar zaio komunikazio telematikoari, datozen urteotan izugarrizko garrantzia hartuko baitu.

6.1. Ahozko komunikazioa

Donostiako Udalak euskaraz eta gaztelaniaz emango du zerbitzua, betiere kontuan harturik solaskidearen/herritarraren nahia, hizkuntza batean edo bestean aritzeko.

Nolanahi ere, ahozko harreman-mota guztietan (telefonoz, harrera-lekuetan’Ķ), euskaraz egingo dute lehen hitza Donostiako Udaleko langileek, eta gero, solaskideak hautatzen duen hizkuntzan jarraituko dute. Beti errespetatuko dute solaskidearen hizkuntza-aukera, inolako deserosotasunik eragin gabe.

6.2. Idatzizko komunikazioa

Donostiako Udalak bi eratako komunikazioak ditu: batetik, Udala dokumentu-igorlea denean eta bestetik, dokumentu hartzailea denean.

6.2.1 Donostiako Udala dokumentu igorlea denean, horrela jokatuko du

6.2.2 Donostiako Udala dokumentazioaren hartzailea izan eta dokumentazio horri erantzun behar dionean, horrela jokatuko du:

Dokumentua euskaraz jasotzen badu honen erantzuna euskarakoa izango da. Bi hizkuntzatan jasotzen badu bi hizkuntza ofizialetan erantzungo dio eta gaztelania hutsezko komunikazioei, oro har, bi hizkuntza ofizialetan erantzungo dio, baldin eta hiritarrak espresuki besterik eskatzen ez badu.

6.3. Komunikazio telematikoa

Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak pertsona fisiko eta juridikoekiko harremanetan. Komunikazio-mota berri horiek aldaketak ekarriko dituzte Administrazioaren eguneroko jardunean, eta horien artean handiena hau izango da: hemendik aurrera normala izango da herritarrak tramitazio bat egitea telefonoa edo ordenagailua erabilita.

Komunikazio hori eraginkorra izan dadin ezinbestekoa da bide telematikoak sorrarazten dituen ahozko eta idatzizko mezu guztiak erabat argiak eta anbiguotasunik gabekoak izatea, Administrazioko bulegoetatik kanpo dagoen herritarrak inolako laguntzarik gabe erraz ulertzeko modukoak. Horrek mezu horien ikerketa komunikatibo sakona eskatzen du, betiere hizkuntzaren kalitatearen bidetik. Tramitazio telematikoan erabili beharreko hizkuntzei dagokienez, Donostiako Udalak irizpide hauei jarraituko die aurrerantzean: Tramitazio elektronikoa, informatikoa eta telematikoa herritarrak hautatzen duen hizkuntzan egingo da: euskaraz edo gaztelaniaz.

Nolanahi ere, tramitazioaren azken jakinarazpena, ebazpen edo ziurtapena testu estandarizatua denean, sistemak aukera emango dio herritarrari bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko.

II. Kapitulua. Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak eta itzulpen irizpideak

7. artikulua.- Hizkuntza ofizialen erabilera eta itzulpen-irizpideak

Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeak esaten duenez, Administrazioaren komunikazioak bi hizkuntza ofizialetan egin behar dira; inon ez da esaten, ordea, itzulpena nahitaezkoa denik horretarako. Nolanahi ere, euskararen egoera soziolinguistikoa dela-eta, hauxe izan da azken urteotako joera: testu gehienak gaztelaniaz sortu izan dira, eta gero euskarara itzuli. Gauzak horrela egiten badira, garbi dago erdal testuak markatzen duela maiz euskal itzulpenak izango duen egitura, estiloa eta itxura.

7.1. Idazketa elebiduna

Donostiako Udalak, ahal den neurrian, Administrazioko agiri elebidunak sortuko direla bermatuko du, itzulpen-zerbitzuetara sistematikoki jo gabe. Azken batean, informazioa komunikatzea da Donostiako Udalaren zeregina, bi hizkuntzatan komunitate ezberdinei komunikatzea, alegia; eta horretarako ez dago itzulpenen beharrik: nahikoa da zabaldu beharreko mezua bi hizkuntzetan sortu eta ematea, betiere edukia errespetatuz, baina estiloa hizkuntza bakoitzaren ezaugarrietara moldatuta. Idazketa elebidunaren prozesu hori errazteko, zuzendaritza bakoitzak, baliabideak jarriko ditu bere erabilera-planean ezarritakoaren arabera, Euskararen Udal Patronatuarekin elkarlanean.

7.2 Itzulpena

Bi hizkuntzen trataera orekatuaren alde, itzulpen sistematikoa erabili ordez lehentasunezkoa izango da hizkuntza ofizial bakoitzean zuzenean eta jatorriz idatzitako ekarpenak sortzen ahalegintzea.

Ahal den neurrian, administrazio atalean edo dagokion zuzendaritzan dauden bitartekoak (hizkuntza eskakizuna egiaztaturik duten langileak, eredu normalizatuak, informatika tresnak eta abar) erabilita ziurtatu beharko da dokumentu elebidunak sortzea, batez ere, idazkiok laburrak direnean eta ez dakarrenean aparteko lan zamarik.

Edonola ere, agiri elebidunak zuzendaritzan edo atalean ezin badira sortu, zuzendaritza bakoitzaren ardura izango da bere dokumentuak itzultzea itzulpen zerbitzuaren bidez, edo kanpoko enpresen bidez.

Zuzendaritzako erabilera planetan erabakitzen diren euskarazko lehentasunezko komunikazioak ezingo dira itzuli komunikazio horiek aurrera atera behar dituenak beharrezko prestakuntza jaso badu horretarako.

Kasu horietan langileak berak sortuko ditu euskarazko testuak eta beharra izanez gero, Euskararen Udal Patronatuak bere laguntza eskainiko du testuak euskaraz sortzeko.

Halaber, zuzendaritzek edo atalek beren bitartekoz prestatutako agiri elebidunetan euskarazko testuen zuzentasuna zaintzeko Euskararen Udal Patronatuaren laguntza izango dute.

Donostiako Udalak kanpotik jasotzen dituen idazki guztiak ez dira, besterik gabe, itzuliko. Baldin eta egiaztatzen bada administrazio-atal hartzailean agiria aztertu eta izapidetu behar duenak ez duela behar adinako gaitasunik hizkuntzaren aldetik agiria bera ulertzeko, orduan edukiaren laburpena egingo dio atal horretako lankide gaituren batek, eta ezinbestekoa denean bakarrik egingo zaio agiriaren beraren itzulpena.

III. Kapitulua. Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak beste zenbait jarduera-esparrutan

8. artikulua.-Langileen prestakuntza orokorra (etengabea)

Donostiako Udaleko langileek etengabeko prestakuntza hizkuntza batean zein bestean jasotzeko eskubidea dute.

Langileen etengabeko prestakuntza ikastaroen eskaintza bi hizkuntza ofizialetan izan dadin, Donostiako Udalak urratsak emango ditu, langileak egin nahi duen ikastaroaren hizkuntza aukeratzeko modua izan dezan.

Zuzendaritza bakoitzak bere behar espezifikoetarako langileentzako prestakuntza ikastaroak antolatzen dituenean eta parte hartzaileek hizkuntza gaitasuna badutela ikusten bada, ikastaro hori euskaraz egingo da.

Prestakuntza ikastaroetan izena emateko era guztietako tresnak bi hizkuntza ofizialetan eginak egongo dira.

9. artikulua.- Erregistroa

Erregistroari lotutako aplikazio informatiko guztietan alor bat egongo da sartzen edo irteten den dokumentazioa zein hizkuntzatan, bat izan edo gehiago izan, dagoen adierazteko.

Donostiako Udaleko erregistro administratiboetan dokumentuen inskribapena dokumentuak idatzita dauden hizkuntzan edo hizkuntzetan egingo da.

10. artikulua.- Dirulaguntzak

Donostiako Udalean eta Udalerrian euskararen erabilpena normalizatzeko Arauen 25. artikuluarekin bat etorriz, diru laguntzaren bat jasotzen duten elkarte eta entitateek, pertsona fisikoek nahiz entitate juridikoek, diruz lagundutako beren jardunaren bitartez sortutako agerpen publiko orotan euskara edo euskara eta gaztelania erabili beharko dute, ahoz zein idatziz. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten diren adierazpenetan, batez ere, ahozkoetan, euskarari eman beharko zaio lehentasuna.

Dirulaguntza eskuratzeko baldintzetariko bat izango da hizkuntza baldintza hauek betetzea.

Dirulaguntza kudeatzeko eskumena duten organoek bidezkoak diren neurriak hartuko dituzte onuradunek atal honetan xedatutakoa betetzen dutela egiaztatzeko eta hizkuntza ofizialen erabileraren zuzentasuna zaintzeko.

11. artikulua.- Argitalpenak

Udalaren bando, buletin, araudi, ordenantza, ebazpen, aldizkari, liburu eta zabalkunderako argitalpen oro, bi hizkuntza ofizialetan argitaratuko dira. Dena den, ezagutzera ematen denaren jasotzailearen berezitasunek hala eskatzen badute, euskara hutsezko bertsioak egingo dira.

Donostiako Udalak, euskarazko hedabideetan, euskara hutsezko komunikazioak eta iragarkiak argitaratuko ditu.

Testu hauen egokitasuna eta hizkuntza zuzentasuna mezu edota testu igorle den zuzendaritza edo atalaren erantzukizuna dira.

12. artikulua.-Tresna eta aplikazio informatikoak

Donostiako Udaleko zerbitzuetan erabiltzeko diren programa edo tresna informatikoekin bi hizkuntza ofizialetan berdin lan egin ahal izateko, neurriak hartuko dira: programa edo tresna horien egokitzapena egin, merkatuan dauden produktuen euskarazko bertsioak eskuratu, e.a.

Zuzendaritza bakoitza arduratuko da, erabilera-plana oinarri hartuta, hemendik aurrera sortzen diren aplikazioetan irizpide hori betetzen. Eta erabilgarri dauden programa informatikoak euskaraz lan egiteko prestaturik ez daudenean, dagokion zuzendaritzak egutegi bat egingo du tresna informatiko horiek berritu, egokitu eta hizkuntza-irizpide horiei lotzeko.

Xede horri begira, bertsioa elebiduna bada, euskarazkoa moldaera txukuna eta erabilgarria izango dela bermatuko da: euskarazkoa ez da izango gaztelaniazkoaren egokitzapen hutsa.

13. artikulua.- Internet eta intranet sareak

Donostiako Udalaren Internet eta intranet sareetako edukiak euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatzeko moduan egongo dira.

Donostiako Udaleko web orrietara sartzean, aukera egongo da euskara, gaztelania eta, hala badagokio, gainerako hizkuntzak hautatzeko. Internet eta intranet sareen bidez izapideak egiteko aukera ematen denean, izapide horiek euskaraz eta gaztelaniaz egiteko moduan egongo dira.

14. artikulua.-Errotulazio finkoa eta noizbehinkako oharrak

Errotulazio finkoa eta noizbehinkako oharrak (askotan paperean egindakoak) oro har, euskaraz eta gaztelaniaz agertuko dira, bulego eta egoitza guztietako kanpoaldean nahiz barrualdean.

Errotuluetako eta noizbehinkako oharretako testua euskara hutsean idatzi ahal izango da ondoko kasuetan, betiere euskararik ez dakiten herritarren hizkuntza-eskubideak urratu gabe:

15. artikulua.- Iragarpenak, publizitatea eta kanpainak

Bi hizkuntza ofizialetan egingo dira zuzendaritzetako iragarpen ofizialak eta gainerako publizitate-ekintzak; hala ere, hartzailearen eta hedabidearen ezaugarriak kontuan izanda, euskaraz ere egin ahal izango dira. Iragarpenok euskara hutsez argitaratuko dira euskarazko hedabideetan.

Kanpainaren edukiak eta esloganak asmatzerakoan kontuan hartuko dira bi hizkuntza ofizialen ezaugarriak; hau da, gaztelaniaz funtzionatzen duen testuak euskaraz porrot egiten duela gerta ez dadin. Hori ekiditeko, komunikazio-kanpainetarako lehiaketa publiko eta era guztietako kontratazioetan baldintza gisa eskatuko da kanpainaren mezua bi hizkuntzatan sortua izatea, hots, hizkuntza batean sorturikoaren itzulpena ez da baliozkotzat emango. Horrela, bada, ahalegina egingo da kanpainak euskaraz ere sortzeko eta euskarazko komunikazioa zaintzeko: idazki jatorrak, zuzenak, ulergarriak eta egokiak izango dira.

16. artikulua.- Izen ofizialak

Donostiako Udalaren organo, zuzendaritza, egitarau, proiektu, jarduera edota ekintza guztiek bi hizkuntza ofizialetan izango dute izen ofizialaren deskribapena, hala badagokio.

Donostia udalerriko kale, bide, auzo, auzune, mendi, ibai eta erreken izendegi ofiziala, eta, oro har, toponimoak, Donostiako Udalak finkatuko ditu, eta euskal, erromantze edo gaztelania jatorria errespetatuz eta hizkuntza bakoitzaren grafia akademikoa errespetatuz egingo dira.

Hiri-bideetako trafiko seinale eta iragarpenak oro bi hizkuntza ofizialetan idatzita egongo dira. Nolanahi ere, euskarazko testua lehenetsiko da, nazioarteko arauak errespetatu eta ulergarritasuna bermatzearen kalterik gabe.

17. artikulua.- Donostiako Udalak antolatutako jendaurreko ekitaldiak

Euskararen erabilera bermatuko dute Donostiako Udaleko kargudun eta enplegatu elebidunek, baldin eta ekitaldia Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan edo Ipar Euskal Herrian bada, eta erakundean duten kargu edo lanpostuaren izenean ari badira.

Administrazioak euskara-gaitasun egokiko pertsonak izendatuko ditu halako ekitaldietarako.

Donostiako Udaleko zuzendaritzek antolatzen dituzten prentsaurreko, ekintza instituzional, hitzaldi, mahai-inguru, jardunaldi tekniko, ikastaro, erakusketa eta abarren antolamendufasean hizkuntzak nola erabiliko diren zehaztu beharko du zuzendaritzarenaren arduradunak, alderdi hauek kontuan izanda: ekitaldiaren helburuak, gaiak, eragin soziala, hartzaile edo entzule-gaiak, hizlari edo irakasleak, eta erabili edo banatuko den materiala.

Ekitaldiaren izaerak aldi bereko interpretazioa eskatzen duenean, aldez aurretik ongi zehaztuko dira interpretazioan izango diren hizkuntzak, eta interpretazio-lana egiteko behar diren elementu materialez horniturik dagoen areto bat hautatuko da. Komunikaziorako teknologiek ematen dituzten aukerak baliatuko dira euskara eta gaztelania erabiltzerakoan, ahozko komunikazioa hizkuntza batean eta euskarri informatiko bidezkoa beste hizkuntza batean konbinatuz, esaterako.

18. artikulua. Udalak zuzenean kudeatzen dituen zerbitzuak eta jarduerak

Udalak antolatu eta gauzatzen dituen zerbitzu eta jardueretan, euskara eta gaztelera herritarrei zerbitzua emateko hizkuntzak direnez Donostiako Udalean, bermatu egin beharko da zerbitzu hizkuntzaren irizpide hau.

19. artikulua.- Kontratazio administratiboak

Kontratatua edo esleipena jaso duenak eman beharreko prestazioak apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 18. d) atalean ezarritakoa jarraiki emango dira, honela dio:

"kontratazio-arloan erabiliko diren neurriak; batez ere, hirugarren batzuek herritarrekin harreman zuzena duten zerbitzu publikoak eskaintzen dituztenean, dagokion administrazioak berak bete behar lituzkeen antzeko hizkuntza baldintzak berma daitezen".

Donostiako Udalean honako zerbitzuak garatzeko egiten dira kontratazio edo esleipenak:

Kontratu hauen bidez Donostiako Udalak eskuratzen dituen zerbitzuen balizko hartzaileak kontuan hartuz, honako hizkuntza helburuak egokitzen zaizkio kontratu mota bakoitzari.

20. artikulua. Udal instalazioen eta materialen erabilera

Donostiako Udalean eta Udalerrian euskararen erabilpena normalizatzeko Arauen 25. artikuluarekin bat etorriz, Udal instalazioak eta materialak erabilita antolatzen diren jardueretan euskara edo euskara eta gaztelania erabili beharko da, ahoz zein idatziz. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten diren adierazpenetan, batez ere, ahozkoetan, euskarari eman beharko zaio lehentasuna.

21. artikulua. Jarduerak bide publikoan

Kasu honetan ere, Donostiako Udalean eta Udalerrian euskararen erabilpena normalizatzeko Arauen 25. artikuluarekin bat etorriz, bide publikoan egiten diren jardueretan euskara edo euskara eta gaztelania erabili beharko da, ahoz zein idatziz. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten diren komunikazioetan, batez ere, ahozkoetan, euskarari eman beharko zaio lehentasuna.

Zehaztu diren hizkuntza irizpideak betetzeko, Donostiako Udalak baimenak emateko baldintzen artean hizkuntza baldintza hauek txertatuko ditu eta hala adieraziko dio interesatuari.

22. artikulua. Udalak lagatako lokalak

Errotulazio finkoa eta noizbehinkako oharrak (askotan paperean egindakoak) oro har, euskaraz eta gaztelaniaz agertuko dira, bulego eta egoitzaren kanpoaldean nahiz barrualdean.

Errotuluetako eta noizbehinkako oharretako testua euskara hutsean idatzi ahal izango da ondoko kasuetan, betiere euskararik ez dakiten herritarren hizkuntza-eskubideak urratu gabe:

IV kapitulua. Hizkuntza ofizialen erabilerarako kudeaketa

23. artikulua. Kudeaketa

Zuzendaritza bakoitzaren ardura izango da hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko jarraibide hauek bere esparruan ezagutzen eta betetzen direla bermatzea; hori guztia, erabilera-planean jasotakoa aintzat harturik.